2008/02/13 - Jardunaldiko kronika |
|
Inauteriek on egin die Urdiña basket taldeari, asteburuko zazpi konpromisoetan arrakasta izan baitzuen. Espero dugu datozen egunetako azterketek emaitzetan negatiboki eragin ez dezatela. Lehenengo taldeak 76-60ko arrakasta garrantzitsua lortu |
![]() |
zuen Majorin ostiralean Astigarragaren kontra. Partiduaren hasieran defentsa gogorra egin zuten bi taldeek. Ez zuten saskiratzerik erraztu, hori dela eta, lehenengo laurdenean markagailuak antzeko emaitzak erakutsi zituen; baina azken unean tokikoek bi hanka-sartze egin zituzten eta sagardogileei 10-15 aurre hartu zioten. Bigarren laurdenean berdin jarraitu zuten eta bisitariak atsedenaldira joan ziren 23-29 sei puntuko aldearekin. Atsedenaldiaren ondoren urdiñak defentsan lan handia egin zuten baina erasoan azkarrago ibiltzeagatik minutuz minutu desabantaila gutxitzen joan ziren. Sei minututan 18-6 partziala lortu zuten eta markagailuan nagusitu ziren partiduaren amaierara arte. Hala, hirugarren laurdenaren amaieran 43-40 zegoen markagailua, tokikoen alde. Azkeneko laurdenean ordiziarrek saskiratze hirukoitzak egin zituzten bitan, hala, abantaila handitu zuten bederatzi puntura arte. Bisitariek ikusi zuten ezin zutela desabantaila gutxitu, hori dela eta, falta pertsonalak egiten hasi ziren, baina Unairen taldeak azkeneko hiru minutuetan 16 tik 12 lortu zituzten eta abantaila areagotu zuten azken 16 puntura arte. Horrek Urdiña taldeari abantaila ematen dio basketaverage partikularrean. Senior emakumeen garaipen garrantzitsua Cafés Aitanaren etxean, batez ere moralki berrarmatuko direlako, Maitaneren taldeak oraindik ez baitzuen garaipenik lortu aurten. Urdiñak galdu samar hasi ziren lehenengo laurdenean, baina bigarren laurdenean suspertu eta gero, atsedenaldira hiru puntuko abantailarekin iritsi ziren. Hirugarren laurdenean donostiarrek aurre hartu zuten markagailuan eta azkeneko laurdenaren faltan hiru punturekin aurre hartu zuten. Azkeneko laurdeneko lehenengo lau minutuetan ordiziarrak gailendu ziren markagailuan. Mirianen hiru saskiratze hirukoitzei esker. Ondoren, 2-12ko partzial batek gure taldeari garaipena eman zion 39-50 argia lortuz. Mutilen junior taldeak Tolosaren menderaezintasunarekin amaitu zuten, 73-57 irabazi baitzion Kuzuren taldeak uneoro menperatu zuen partiduan. Defentsan hain ondo ibili ez baziren ere, partidua erabaki zuten jokalarien kalitateari esker. Hala eta guztiz ere, urdiña taldeari gogorarazi behar zaio defentsan egindako lanak eman dizkiola garaipen onenak denboraldi honetan. Iñurris Zarautz taldearen aurrean gizonezko kadeteak garaipen erraza izan zuen (78-41) historiarik gabeko partidu batean. Bertan Daviden taldearen nagusitasuna hasiera batetik nabarmena izan zen, nahiz eta urdiña taldeak asko hobetu beharko du titulua lortu nahi badu. Ondo hasi zen emakume kadeteen bigarren fasea, Bera Bera Zurriola garaitu baitzuen puntu bakar batengatik: 49-48. Partidu horretan Xabiren taldea indartsu atera zen kantxara. Joko bikaina egin zuten eta 20-12 aurre hartu zuten lehenengo laurdenean. Bigarren laurdenean bisitariak tokikoen hutsegiteetaz baliatu ziren 0-6 emaitza lortzeko azken minutuetan. Atsedenaldia baino lehen 28-30 aurretik zihoazen. Berriz ekin ziotenean, markagailua berdin mantendu zen eta azkeneko laurdenera iritsi ziren bisitarien bi puntuko aldearekin. Azkeneko laurdenaren hasieran tokikoak partidu hasieran bezala atera ziren eta markagailuan aurre hartu zuten 8-2ko partzialarekin. Partidu amaierara arte gailendu ziren, nahiz eta partiduaren azkeneko zatian saskiratze libreetan huts egin. Bost segunduren faltan, Jokinek jaurtikitako saskiratze libre batek erabaki zuen partidua. Urdiña taldeak derbya irabazi zuen BKLren aurka. Partiduan zehar Jon eta Anderren taldea nagusitu zen, abantaila txikiekin hori bai; baina azkeneko laurdenean beasaindarrek oso estu jokatu zuten eta ordiziarrak estuasunean jarri zituzten. Emaitza horrekin ordiziarrak taldeko bigarrenak geratu ziren. Neska ahurren 17-46 garaipena Beasaingo Anzizarren. Urdiña taldeak gaizki jokatu zuen partidua atsedenaldira arte, nahiz eta markagailuan nagusi izan. Atsedenaldiak on egin zion Iñakiren eta Eliren taldeari. Maila bikain batean jokatu zuten eta pixkanaka-pixkanaka markagailuan abantaila hartzen joan ziren. Emaitza horrekin ordiziarrak taldeko lehenak dira lehenengo fase horretan. Otsailaren 26tik aurrera titulu probintziala lortzeko ligari hasiera emango diote.
|