2008/01/28 - Jardunaldiko kronika |
|
Asteburu honetako emaitzak honako hauek izan dira: lau garaipen eta porrot bat. Guzti hauen artean, lehen taldearen etxe bertan lorturiko garaipena azpimarratu beharra dago. |
![]() |
Partidua amaitzeko bost segundo besterik falta ez zirenean, Patxiren saskiratzeak garaile izendatu zuen lehen taldea Donostiako COAATG taldearen kantxan. Aurreko partiduetan ez bezala, gure taldea hasiera batetik jokoaren jabe izan zen, defentsaren abilezia eta piboten eraso zehatza izan zirela medio lehen laurdena 13-20ko emaitzarekin irabazi zutelarik. Bigarren laurdenean aldiz, donostiarrak, defentsa jokoa estutu eta atsedenaldira bi puntuko aldearekin iristea lortu zuten (33-35). Atsedenaldi ondoren, etxeko taldeak markagailuan aurrera egitea lortu zuen arren, urdiñek defentsa jokoa hobetu eta berriz ere garaipenaren ildotik jarraitzea lortu zuen. Hala ere, hirugarren laurden honen azkeneko minutuetan aurkariek gure jokalarien abilezia eza bere esku hartu eta 10-0ko partziala lortu zuten. Hirugarren laurden honen amaieran, markagailuan 53-46ko emaitza ageri zen. Unairen taldeak gogoz hartu zuen laugarren laurdena baina hiruko bi saskiratze lortu eta markagailua 54ko berdinketarekin zituzten arren, laurdena amaitzeko hiru minutu besterik falta ez zirenean lau puntuko abantaila lortu zuten donostiarrek. Eskerrak taldea une aproposean esnatu eta 40 segundo falta zirela, Daviden hiruko saskiratze bikainarekin markagailuan bi puntuz aurreratu zuen aurkaria. Dena dela, etxekoak berriz ere hamabost segundo falta zirela aurrera egin zuten. Ordiziarrak baloiarekin fin aritu ziren erasoan eta azkenik, partidua amaitzeko bost segundo falta zirela, Patxiren saskiratzeak garaipena eman zion talde urdiñari (64-65). Manex itsasondotarraren jokoa azpimarragarria izan zen, lortu zituen 23 puntuekin bere urtebetetzea aski ongi ospatzea lortu zuen eta. Garaipen honi esker, gure taldeak alde batera utzi du sailkapenaren zonalde arriskutsua eta era berean playoff-a jokatzeko aukera eskuratzeko aukera gehiago lortzen ari da. Igande goizean, emakumezkoen senior taldea Tecnum taldearen aurka Donostian jokatu zuen partiduan galtzaile izan zen (51-42). Maitaneren taldeak partidu ona jokatu zuen arren, hirugarren laurdenean soilik garaile izatea lortu zuen. Hala eta guztiz ere, suertatu ziren falta pertsonalen erruz, gure neskek ezin izan zuten garaipena lortu. Emakumezko kadete taldeak, Iruneko La Salle taldearen aurka jokatu zuen partiduan 40-57ko emaitza lortuaz garaile taldeen alorrean aldiz, suertatu zen. Badirudi Xabierren neskei San Juan Bosco eguneko ospakizunek mesede egin zietela eta ondorioz, hirugarren laurdenaren amaierarako partidua irabazitzat eman zen. Haur taldeen alorrean, talde bien garaipena lortu genuen: mutilek Tolosa “B”ren aurka irabazi (18-65) eta neskek Legazpiko Andraitz taldearen aurka gailendu ziren (44-16).
|